2010-06-24

Argazkiak jasotzen hasi gara...

Ikasbidaideok, esan bezala jada baditugu lehenengo argazkiak. Honatx Aidak bidaliak. Finean horrelako oihartzun egiptoar sakoneko izenarekin... ez genuen gutxiago espero.

Anima zaitezte zuenak bidaltzen! Gogoan izan: goraikasbidaia@hotmail.com.

2010-06-23

Ikasbidaiaren balorazio bilera.

Dakizuenez datorren ekainaren 29an, arratseko 5.30etan, asteartearekin bilera eginen dugu ikastolako aretoan. Ordurako Egiptori buruzko proiektuen aurkezpen ofiziala eginen da. Horretarako, datozen egunak probetxa ditzakezue proiektuok bukatzeko. Erakusketa datorren astelehenean, hilaren 28an, montatuko da.






Argazkiak behar ditugu!!!

Ikasbidaide preziatuok,


Argazki kurioso, bereziki eder, farregarri... zuen ustez argitara eman behar den argazkia dela ikusten baduzue, ez zalantzarik egin eta bidal ezazue helbide honetara:

2010-06-17

Hementxe gaude! Asuanetik Kronika.

Gaur, azkenean, blogean sartzeko aukera izan dugu. Une honetan bertan Asuanen gaueko hamarrak jotzear direnean, hainbat musikari eta dantzari nubiar ditugu, aurki hasiko dutenen ikuskizunerako berotzen eta afinatzen.
Hauxe da Nilo gainean pasako dugun azken gaua, tamalez... izan ere bihar Kairora abiatuko gara eta. Ez pentsa, gustura, baina penaz alde egiten dugu oso egun ederrak, ederrak bezain trinkoak, pasa ditugulako hemen.
Honezkero Karnak, Luxor, Erregeen Harana, Memnongo Kolosoak, Edfu, Kom Ombo... bisitatu ditugu. Atzo bukatu genuen Niloren gaineko zeharkaldia Asuanera iritsiz, beraz hemendik gertuko Nasser urtegia eta bereziki Philae uhartea ikustera joan gara. Arratsaldez aldiz, faluka gainean azken bueltaxka emateko probetxatu dugu.
Lotsa pittin bat ematen du eguraldiari buruz hitz egiteak... ikasi dugu Iruinean (ez dut enierik topatzen teklatu honetan) udazkenean sartu baitzaretela. Esan dezagun beraz, besterik gabe, hemen oskarbi dagoela egunero eta epel, ejem... 40 bat gradu errez.
Bihar gure gaurko dantzari eta musikarien herrira joanen gara bisitan, Nubiara. Gamelu gainean. Jada oso Lawrence de Arabia sentitzen ez direnak beldurrez dira.
Nekea loratzen hasi da, bereziki urdailetan... eta bajaren bat badugu, baina lasai, ezer larririk ez, gure botikina eta erizaintza zerbitzuari esker dena kontrolpean dago.
Besarkada bero - bero bat, nola bestela, Asuanetik.

2010-06-12

Ikasbidaiaren lehen etapa!

Ikasbidaide preziatuok,

Jakinaren gainean gaude denak, bai, baina bada ez bada honatx gogoan izan beharreko zita!

2010-05-27

Barkua! Badakigu izena!

Ikasbidaide preziatuok,

Lehenik eta behin eskerrik asko atzo bilerara gerturatu zineten 40 ikasleei. Badakigu oso egun petralak datozkizuela gainera azterketak direla eta... Baina lasai ahalegin guztiek euren saria dakarte jarraian. Horrexegatik horratx primizia mundialean 'gure hotel ibiltaria' izanen denaren inguruko informazioa....

Zuzen-zuzenean Niloko uren gainean...
piramideen itzalpean...
eta basamortuko eguzkiak argiztaturik...

Hementxe duzue... M/S Orchestra!!!











S/M Orchestra barkuaren hainbat ezaugarri:
  • Fabrikazio urtea : 2000; 2008an berritua.
  • 72 metro luze (eslora).
  • 14.5 metro zabal.
  • 11.20 metroko garaiera.
  • Ur-berritzailea.
  • 5 pisu (kubierta).
  • Igerilekua.
  • Taberna.
  • Harrera.
  • Telefonoz deitzeko nazioarteko konexioa.
  • 120 bazkalkiderendako jangela.
  • Kamarote guztiek leiharra dute, Nilora begira, noski, nora bestela…
  • Aire egokitua, komuna, telebista… kamarote guztietan.
...Zer? Zer iruditzen? Mezurik edo komentariorik utzi nahi baduzu, badakizu.
Eta informazio hau zabaldu eta sakondu nahi izanez gero saka ezazu hemen.
Shukran...



2010-05-23

Bilera: Ikasbidaiara goaz!


Ikasbidaide preziatuok,

Datorren asteazkenean, maiatzaren 26an ikasbidaiaren inguruko joan aurreko azken bilera izanen dugu. Bertan orain artean egindakoaren berri emanen da, bai eta azken uneko abixu garrantzitsu batzuk ere.

Non: Ikastolako Areto Nagusian (beti bezala).

Noiz: maiatzaren 26an, asteazkenarekin, 17.30etan.

Etorriko zaretelakoan,

Asteazken arte!

2010-05-17

Ikasbidaiaren gida prestatzen...

Ikasbidaide preziatuok...

Ikasbidaia hementxe dugu, hilabete baino gutxiago gelditzen zaigu! Hori dela eta, eta gelditzen zaizkigun egunak girotzeko, horratx aurrerapen bat...

2010-04-14

Ikasbidairako ezinbesteko zerrenda!

Ikasbidaide preziatuok... Ideia egiten joan gaitezen honatx, norberak bere maleta prestatzen duenean - kasu, garrantzitsua da hau, eh - norberak bere maleta prestatzen duenean, oso prsesent izan beharreko zerrenda. Bertan ezinbestekotzat jotzen ditugun elementuak islatuta daude. Erabilgarri izanen zaizuelakoan...

2010-04-10

Amenhotep IIIaren burua aurkitu berri da.

Amenhotep IIIaren burua aurkitu dute Luxorren. 2'5 metro neurtzen du eta aurretik topatutako eskultura erraldoiaren azken atala da.
Amenhotep III, Akenatonen aita izanen zena, (K.a. 1390-1352), XVIII dinastiako faraoirik garrantzitsuenetakoa dugu. Eskultura Kom el Hitanen, Luxorren, Kairotik 600 km.tara, topatu dute eta granitozko lan bikaina da. Faraoia gaztea zelarik irudikatzen du eskulturak eta Egipto Garaia eta Behea adierazten dituen bi txanoak daramatza.


Ez da ordea faraioaren bizarra topatu. Hala ere arkeologoek inguruan are azpian topatuko dutela uste dute.

2010-03-09

Azken ikerketen arabera Tutankamon paludismoak jota hil zen.


Egunero egunero Egipto albiste bihurtzen zaigu. Behin honetan Tutankamon faraoia (XVIII dinastia) izan da nagusi mundu osoko egunkarien lerroburuetan. Antza denez momiaren ADNa aztertu ondoren paludismoa izan zen bere heriotzaren arrazoi nagusia. Hala adierazi du Zahi Awassek, Egiptoko Aitzinatekoen Goi Kontseiluko idazkariak (argazkian txanoa jantzita).

Era berean faraoi desberdinen arteko ahaidetasuna zehazteko oso baliagarriak izan dira azken aurkikuntzak. Honela, Tutankamon ez litzateke izanen Akenaton eta Nefertitiren seme... iloba baizik. Hori bai, Amenofis III biloba zen.

9 urte zituela koroatu zuten Tutankamon eta 10 urtez gobernatu zuen. Osasun arazo larriak izan zituen: makuluak erabili behar izaten zituen ibili ahal izateko, haietariko 130 topatu dira hilobi-horniduren artean. Oinetan nekrosia eta oligodaktilia gaisotasunak pairatu zituen.

Albistea zabaltzeko sakatu hemen.

2010-02-02

X Proiektua: Egiptoko fauna eta landaretza. (ADJUDIKATUTA)

Nilo ibaia ardatz hartuta - izatez, zentzu guztietan baita ardatz - Egiptoko fauna eta landaretza ikergari hartzen duen posterra proposatzen dugu. Ikuspegi anitzak izan ditzake lanak:

- Fauna eta landaretzaren klasifikazioa, marrazki edo/eta argazkiekin. Bere garrantzia ekologikoa, kopurua, ikusi ahal izanen ditugun...


- Bertako fauna eta mitologia uztartuz:
  • Egiptoko panteoi zoomorfikoa: Anubis, Horus, Sobek...
  • Zer adierazten dute? Zergatik horiek eta ez beste batzuk...?
  • Animalien ehorzketa eta momifikazioa.
- Landaretza eta fauna Egiptoko Aitzinateko artean, idazkera hieroglifikoan...


Neurriak: 100x100
Lantaldea: 2-3 pertsona
Zailtasun maila: Ertaina

Proiektu hau 1. Batx - Bko Alicia Roncalések eta Mirari Arangurenek eginen dute.